Axola ez duenean

AXOLA EZ DUENEAN

Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen,
guero dantzan, edo dantza ondoan
alberdanian.

J.B. Agirre

© 2009, Aritz Gorrotxategi

© Azal eta diseinuarena: 2009, Antton Olariaga

© Argitaraldi honena: 2009, ALBERDANIA, S.L.

Istillaga, 2, behea C. 20304 Irun

Tf.: 943 63 28 14 Fax: 943 63 80 55

alberdania@alberdania.net

Comunicación Interactiva Adimedia, S.L.-ek digitalizatua

www.adimedia.net



Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-048-5

Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-152-9

Mobipocket Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-151-2

Legezko Gordailua: S.S. 567/09

Goibeldu egiten nau, batez ere, gizakiak ilunpean bizitzeko erakusten duen burugogorkeria. Herriaren haserrea, gure luxu zentzugabea… Triste nago, oso triste. Jauna, lagundu iezadazu, erre ezazu nigan dagoen lehengo gizona, haragikoia. Bai, kontsolamendu bakarra, salbazio bakarra: eternitatean bizi, eta ez denboran…

Lev Tolstói, Eguneroak, 1907ko ekainak 7.
Yásnaia Poliana.

1

Emakumea autobusera igo zen gainerako bidaiariekin batera. Barruan ez zegoen lekurik, eta, nola edo hala, kokatu zuen gorputz nekatua erdiko barraren eta ondoko aulkiaren artean. Leihotik begiratzean, beste behin ohartu zen 48. lineako autobusak gero eta ezkatatsuagoak zituela leihoak, egunetik egunera ezkatatsuagoak, gauero kaian amarratuta utziko balute bezala, haize gatzatu eta alga korapiloen artean. Lur-garraiotik gutxi eta urpekaritik gehiago zuen ibilgailuak aurrera egin zuen, ohiko bideari lotuz.

Emakumeak San Juango zubia bilatu zuen hurrena: ibaiaren lasterra; bazterrean eraikitzen ari ziren etxe berrien hormigoizko hezurdurak, lehen Chicha indigena garagardo fabrika zegoen terrenoan; hezurduren gainetik, garabiak, eta haize epelaren arrastorik ez. Langile batek hezurduretako batean utzitako alkandora zementu hautsez zikindua geldi-geldi zegoen. Hitz bat, galdera bat etorri zitzaion emakumeari ahora, baina, azken boladan sarri gertatzen zen bezala, ezin izan zuen galdera artikulatu.

Felix senarra hil berri zitzaionetik, Irene Sagastak bazuen bular aldea estutzen zion korapilo bat, hitzak ahora jostea zailtzen ziona. Ezustean etorri zen bihotzekoa. Ez zuen edaten ez erretzen; tarteka, gimnasiora joaten zen gorputza zaintzera. Medikuak ere esan zion, horrelakoak gertatzen zirela. “Baina niri tokatu behar”, kexu zen bere artean Irene, malkoei eutsiz, sinetsita, ordu arte, kontu itsusi haiek beti besteei gertatzen zitzaizkiela. Beti besteei eta ez norberari.

Zortzi urte joanak ziren ezkondu zirenetik, eta ez zuten umerik. Felixi, ordea, ez zitzaion berriketa gai hura gustatzen. Etorri behar baziren, etorriko ziren. Umeak, esan nahi baita. Ez zuen adopzioaz ezer jakin nahi, baina luzamendutan ibiltzen zen emaztea eta bien arteko eztabaidak saiheste aldera. Edo, gutxienez, Irene kontsolatzeko, neke egiten baitzitzaion emakumearen atsekabea leuntzea. Bera ere gaizki sentitzen zen halakoetan. “Momentuz, ez, aurrerago ikusiko dugu”, esaten zion gehienetan, Ireneren hutsunea sabel aldera mugatzen zela sinetsita. Baina hutsunea handiagoa zen, begi hutsez ikusterik ez bazegoen ere. Zentzu horretan, Ireneri bitxia iruditzen zitzaion hutsunea sentitzea aurrez betea ez zegoen lekuan.

Felix kontabilitateaz arduratzen zen zapatak egiten zituen fabrika batean. La Torretik hamar bat kilometrora zegoen fabrika, Politeknikoaren ondoan. Metroko geltokia etxetik hurbil geratzen zen, abantaila handia zena. Irenek, berriz, liburu-denda batean egiten zuen lan, liburu-saltzaile. Ribeyro eta J.C. Gilardo zituen idazle kutunak, baina irakurle itsua zen, baita ere, XIX. mendeko idazle errusiarretarako. Klasikoak: Gogol, Dostoievski, Tolstoi… Aitak herentzian aspaldi utzitako gauzen artean, Aguilar bildumako hamabi liburukote zeuden, 64ko ediziokoak gehienak. Gaztetan ordu asko eman zituen etxeko ganbaran, liburuki larru azal dotore eta lodikote haiek irakurtzen. Buruz zekizkien pasarte asko. Sarritan, lagunei nola sentitzen zen esateko, literatur pertsonaiak erabiltzen zituen. “Iván Nikíforovich bezain haserre nago. Eskopeta ematea espero baduzu, jai duzu”. Halakoetan, lagunek ez zioten jaramon handirik egiten. Felixi, ordea, grazia egin zion kontu hark, batez ere, Irenek berarekin maitemindua zegoela esan zionean, Ana Karenina Vronsky kondeaz maiteminduta zegoen bezala.

Pinto plazako kafe etxeetako batean zeuden egun hartan, El Gaviero izeneko hura, memoriak huts egiten ez bazion behintzat. Gerora, jabe zaharrak, jubilatzeko ordua heltzean, semearen eskuetan utzi zuen negozioa, eta semeak betiko mahai-aulkiak kendu, dekorazioa goitik behera aldatu, eta dantzaleku bihurtu zuen El Gaviero zaharra, eta lokal berriari Rabuffeti Pub izena jarri zion. Dudarik gabe, negozioaren ikuspegi arras diferentea zuten aita-semeek. Jabe aldaketarekin batera bezeria aldaketa etorri zen, filosofia ez baitzen lehengoa, kafetegi baten filosofiaz hitz egin badaiteke. Ordu arteko giro lasaiak oso bestelako giro bati utzi zion leku, zaratatsuagoa, iskanbilatsuagoa; eta, pixkana, Irenek eta Felixek kafetegira joateari utzi zioten. Baina hori geroago etorri zen. Egun hartan, aurrez aurre eserita zeuden. Bietako inork ez zuen ezer esaten. Irenek eskua heldu zion Felixi, heldu eta estutu, konplizitate bila. Kanpoan euria ari zuen eta Felixek hotzak ote zegoen galdetu zion. Irenek irri egin zuen, eskuarekin ilea atzeraka apartatuz, “zu bai txotxoloa”. “Zer duzu?”, galde egin zion Felixek, jokoz kanpo. Orduan bota zizkion emakumeak hitz haiek: zutaz maiteminduta nago, Ana Karenina Vronsky kondeaz maiteminduta zegoen bezala. Jakina, Felixek ez zituen ez Ana ezta Vronsky hura ezagutzen, baina, Ireneri aitortu zionez, bere etxebizitza blokean bazen Kronsky izeneko agure bat, gerra ondorenean Errusiatik La Torrera ihes egindakoa. Errusiatik edo…, batek zekien nondik. Irenek musu eman zion ahoan Felixi, jostari, eta Kronsky horren berri emateko eskatu zion.

Zurrumurruen arabera, hasi zen Felix, burutik eginda zegoen agurea. Bizar luze sarriko gizaseme hura aterki batekin ateratzen zen kalera eguzkiak erretzen zuen egunetan. Euria ari zuenetan, berriz, aterkirik gabe abiatzen zen. Blai eginda itzultzen zen gero, putzutan saltoka ibili den haurraren irribarre zabala ezpainetan. Irribarreaz gain, alkohol loretan zimeldutako erbatzak erortzen zitzaion ezpainetan behera. Baina begietako malkoak benetakoak ziren. Esaten zutenez, beti taberna berera joaten zen, sorterrian hildako lagunengatik topa egitera. Hildakoen izenak paper batean idatzi eta hustutako vodka botilan sartzen zituen gero. Tabernatik ateratzean, ibaira joaten zen zuzenean, botila uretara botatzeko. Auzokoak beldur ziren, egunen batean, botila bota ordez ez ote zuen, nahastuta, bere burua botako.

Edonola ere, Felixi erabakigarria iruditu zitzaion izenaren kointzidentzia. Vronsky eta Kronskyrena, alegia. Gerora ulertu zuen zergatik zien horren izu handia Irenek trenei. Tolstoirena zen errua. Are gehiago, emakumearen ahotik jakin zuen idazle errusiarra Astapovoko tren geltoki triste eta erdi abandonatuan hil zela, Jainkoaren bila ihes egin zuenean.

Gaztetan, Ireneri idazle izatea pasatu zitzaion burutik. Hori, dendan lanean sartu baino urte batzuk lehenago izan zen. Gero, asko aldatu ziren gauzak. Herriak bizi zuen krisi ekonomikoari aitaren heriotza gehitu zitzaion. Auto batek harrapatu zuen Licenciado Arreola kalean. Amak lanean hasi behar izan zuen arropa denda batean, orain saltzaile orain jostun, baina soldata bakarrarekin ez zen iristen etxeko gastuetarako. Egoerak hartaratuta, Irenek idazkari ikasketak egin zituen gogoz kontra, aitaren urruneko lehengusu baten familia-negozioan lanpostu bat emango ziotelakoan. Ama eta lehengusua tratu batera heldu omen ziren. Ikasketak egin bitartean, Irenek amari laguntzen zion arropa josten. Batzuetan, mahukak; besteetan, botoiak; hurrengoan, lepo ertzak… Azkenerako, trebezia handia hartu zuen orratz-kontuetan. Zoritxarrez, lehengusuak porrot egin eta enpresa saldu behar izan zuen luze gabe. Hilabete txarrak izan ziren Ireneren familiarentzat, itogarriak. Hala ere, ikasketak amaitu eta, lan bila zebilen garaian, amaren aholkuei gor eginez, literatur tailer batean eman zuen izena. Ordurako, ez zitzaion burutik pasatzen idazle ofizioan muturra sartzea. Ez zen hori. Irenek arnasa behar zuen, ihesbide bat.

Nekatuegia zegoen negozio eta banketxeetako bulegoak kurritzeaz; nazkatuta, betiko erantzun eta kartoizko gupida aurpegiekin, bizkarrean jasotako animu kolpe leunekin nahiz antzeko beste mila xehetasunekin, etsigarriak denak ere. Hura ez zen bizitzaz zuen ideia. Eta kontua ez zen bizitzaren norabidea iraultzea; talentua falta zitzaion horretarako, hainbeste bazekien. Haatik, ur azalera atera nahi zuen arnasa bila, inguruko zikinkeriatik kanpo.

Tailerrean izena eman bezain laster, Morasán izeneko bat ezagutu zuen, ahots lodiko gizaseme gihartsu bat. Morasán, literaturaren ur handiekin bainoago, ibaiko eta igerilekuko ur txikiekin trebatua zegoen. Esan nahi baita, motorrontzi batekin ibiltzen zela ibai bazterreko hondakinak biltzen. Huraxe zuen une hartako ofizioa. Lagun batek utzi zion ontzia; ordurako, pitzadurez eta adabakiz josia gaixoa. Izena eta jatorriko kolorea borratuak zituen ia, eta junturetan, beste ezer baino, nagusi ziren hala gatzak nola euriteek jandako egur pusken hutsuneak. Batek daki zenbat jaberen eskuetatik pasea zen motorrontzi hura. Kontuak kontu, gailu erdi asmatiko hartan egiten zituen ibaiko ibilbideak, baliozko zerbaiten peskizan. “Ez zenuke sinetsiko zer botatzen duen jendeak ibaira”, esan zion halako batean Ireneri, ordurako, emakumearen konfiantza bereganatua zuela. “Bolanteak, kafe-ontziak, mahaiak, mikrouhin labeak, film lizunak… Pentsa, ur lasterrean behera, zaldiak eta behiak pasatzen ikusi ditut”. “Horiek ez zituen jendeak botako…!”, esan zuen Irenek, begiak ezusteagatik uztaituz. “Ez nintzateke harrituko. Ibaiek inguruan bizi den jendeari buruzko gauza asko esaten dizkigute”, Morasánek, ostera, zeri buruz ari den ondo dakienaren tonuaz.

Dena dela, negozioarekin diru gehiegi irabazi ez, eta astean hirutan, arratsaldez gehienetan, igeriketako begirale jarduten zuen Santafé barrutiko kiroldegian. Ireneren antzera, Morasánek ere zirrikitu bat behar zuen ibaiko sunda eta klorotan blaitutako igerilekuko giro pisua ahazteko. Poesia zuen gogoko, bereziki Horacio, Kavafis, Keats, Juan Gelman eta Espíndola. Azken hau inork ezagutzen ez zuen bere adiskide bat zen, unibertsitate garaikoa. Morasánen esanetan, La Torrek inoiz eman zuen poetarik handiena zen, artean, lanik argitaratu gabea bazen ere. Haatik, gehien maite zuen poeta, guztien gainetik jartzen zuena, Heraklito Efesokoa zen. “Badakizu”, esaten zion Ireneri, “ibaiarena: ibai berean sartzen gara eta ez gara sartzen. Bagara eta ez baikara berdinak. Beharbada, horregatik gustatzen zaizkit ibaiak”, aitortzen zuen sorbaldak goratuz, patua itzuri ezina dela erakutsi nahiz bezala.

Gelan bata bestearen ondoan esertzen zirenez, berehala egin zuten elkarren ezagutza. Morasán batetik bestera ibilia zen bizitzan; ez zen leku batean geldi egoten den horietakoa. Jatorriz La Torrekoa izan arren, filosofia ikasketak bukatu bezain laster, abentura gosez, Ipar aldeko oihanera joan zen lagun batekin hango parajeak zein biztanleak ezagutzera. Han, behar gorriak hartaratuta, egurraren negozioan hasi zen lanean. Negozio hartatik, irakaskuntzara pasatu zen. Herrixka batean klaseak ematen hasi zen, baina berehala aspertu zen. Ondoren, denetatik egin zuen: zamaketari, kamioi gidari, mahats-biltzaile, saltzaile, kontrabandista, berbenetan jotzen zuen musika talde bateko gitarra jotzaile… Han-hemenka ibili zen bolada luze batez, Ipar aldeko bizimoduaz aspertu eta La Torrera itzultzea erabaki zuen arte. Hala ere, ezin esan itzulera herri minak piztu zionik. Itzuli egin zen, besterik gabe, amuarrainak iturburura edota hegaztiak hegoaldera itzultzen diren bezala, Ulisesen bokazioari jarraiki, orain bazter batean berandutuz orain bestean, presa handirik gabe. Trenean, gogora etorri zitzaion Espíndolak jatetxe bateko esku-zapian idatzitakoa: Migrando al sur, a sobrar oscuridad. Haatik, gauzak ez ziren askorik aldatu. Esan bezala, ez zuen ofizio berean askorik irauten. “Heraklitok arrazoia zuen”, zuritzen zuen bere burua, irribarretsu, “panta rei: gauzak guztiak ordenuz higitzen dira eta eten gabe doaz. Eta ni ere bai”.

Egun batean, Morasánek bere lehengusu bati buruz hitz egin zion Ireneri. Lehengusuak Claudio zuen izena, eta liburu-denda bat zeukan Sañudo eta Gómez Piñedoren artean. Morasán bera, hondakinen negozioan sartu aurretik, liburu-dendan aritua zen, saltzaile. Hala ere, aspergarriegia iruditu zitzaion lana, eta berehala utzi zuen postua, motorrontziaren jabearekin tratuan hasi eta berehala. Ireneri interesatu egin zitzaion liburu-dendarena, eta, aitaren lehengusuarekin ez bezala, honako lehengusu honekin berehala heldu zen akordio batera. Morasán tratante abila zen, eta dena konpondu zuen bi egunetan. Beste zerbait bilatu bitartean, Irenek liburu-dendan egingo zuen lan, goizetan. Emakumea zorretan sentitu zen Morasánekin, eta, beragatik ezer egin bazezakeen, lasai eskatzeko erregutu zion. Gizonak, ordea, ez arduratzeko esan zion, ez ziola ezer zor. “Badakizu, panta rei…”.

Mahuka motzetan etorri zen egun batean, Irene jabetu zen gizonak zubi bat tatuatua zeramala ezker besoan. Jakin-minak jota, tatuajeagatik galdetu zion, susmoak hartuta han-hemenka ibilitako denboran eginikoa izango zela. Irri labur batez lagunduta, ordu arte argitu gabeko zerbait argitzera zetorren erantzun bat eman zion Morasánek: hondakinen bila egunero zeharkatzen zituen ibai bazterrez gain, bazen gauetan, katuen gisara, kurritzen zuen bestelako bazter bat: ibai ondoko ontziolan lanean zebilen gaztetxo baten bihurgune-mapa, alegia. Gaztetxoak Ismael zuen izena, Moby Dickeko protagonistak bezalaxe, azpimarratu zuen Morasánek. Eta, mesedez, sekretua gordetzeko eskatu zion Ireneri. Honek, baietz, erdi txantxetan, galdeketa Ahab kapitainak egiten bazion ere, ez zuela ahorik irekiko. Morasánek eskerrak eman zizkion, irri eginez, harekin hitz egin zitekeela azpimarratuz. “Pertsona sentibera zara, Irene; ez galdu hori”. Eta Heraklito aipatu zuen beste behin: Bide oro ibilita ere, ez dituzu arimaren mugak aurkituko. Emakumeari luzaroan geratu zitzaion esaldi hura buruan iltzatuta.

2

Autobusetik jaitsi eta liburu-dendarako bidea hartu zuen. Dendak El Búho zuen izena. Ohi bezala, sarreran Claudio zegoen, dendako nagusi eta Morasánen lehengusua, esku batean giltza eta bestean Heraldo egunkaria. Claudioren esanetan, Heraldok ateratzen zuen literatur gehigarri duin bakarra. Gehigarriko arduraduna, Larson izeneko bat, begi zorrotzeko kritikoa omen zen, eta, garrantzitsuagoa zena, erostezina. Pieza batekoa; argitaletxe handiek jai zuten berarekin. Urrutira gabe, Larsonek eman zuen ezagutzera Ireneri hain kutuna zitzaion J.C. Gilardo idazlea. Ordu arte, hiru liburu argitaratuak bazituen ere, ia inork ez zuen ezagutzen letren munduan. Larsonen kritikari esker, Nacióneko Etcheverryren arreta erakarri zuen idazleak. Gero, Vanguardiako Díaz Blanesena. “La Torre hiria” eleberri-lehiaketa irabaztea izan zen hurrena, Perpetua caída eleberriari esker. Paradoxikoki, erorialdia ez eta goraldi betierekoa zor zion Gilardok liburu hari. Izan ere, idazle kontsakratua zen gaur egun. Ondotik idatzi zituen liburuak laudorio ugari nahiz sari potoloak irabazitakoak ziren. Guztiarekin, Ireneri gehien gustatzen zitzaizkion liburuak hiru lehenengoak ziren, ia inork irakurri ez zituen haiek.

Emakumeak harreman ona zuen Claudiorekin. Nagusiak adeitsu hartu zuen dendan hasieratik, eta pozik zegoen Ireneren lanarekin. Are, baziren urte batzuk lanaldia luzatu ziola: goizeko txandatik egun osokora. Eta Irenek onartu egin zuen. Egia esan, ez zuen gogorik atzera banketxe eta bulegoak kurritzen hasi eta hango arduradunen begiratu arakatzaile bezain hotzak berriro nozitzeko. Jende hari guztiari aurpegira begiratzea edo ur gainak darabilen hildako arrain bati begiratzea, gauza bera begitantzen zitzaion. Ez zegoen alde handirik: biengandik erruki berbera espero zitekeen. Beraz, alde horretatik, oso gustura zegoen dendan, eta lanpostuarekin konformatzea erabaki zuen. Gainera, dagoeneko bezero guztiak ezagutzen zituen. Horrek, lana errazteaz gain, aukera ematen zion bezeroari aurre hartzeko. Alegia, betiko bezero bat liburu berrien gosez sartu orduko, bazekien zer eskatuko zuen. Urliak, Simón Bonavíren azkena; sandiak, Zweigen nobela zahar baten berrargitalpena; berendiak, Elena Quirogaren ipuin-bilduma berria. Ondo ezagutzen zituen denen zaletasunak; eta, gehienetan, asmatu egiten zuen. Hala ere, Claudiok ez zion ezkutatzen ez zirela garai onak liburuentzat. Salmentak gero eta txikiagoak ziren, eta La Torren ugaltzen ari ziren erostetxe handien nagusitasuna gero eta nabariagoa zen.

–Denei kaka bera irakurtzea gustatzen zaie –kexu zen Claudio enegarrenez–. Eta badakizu zergatik?

Irenek sorbaldak goratu zituen. Alferrik zen ahoa irekitzea. Ederki zekien Claudio ez zegoela erantzun baten esperoan. Haren purrustadek ez zuten kontuan hartzen solaskidea. Claudiok purrustada bota nahi bazuen, hasi eta buka botako zuen seguru, entzulearekiko ezaxola. Ez zuen, ordea, asmo txarrez edo berekoikeriagatik egiten. Claudio horrelakoxea zen: sutsua zen liburu kontuetan, eta nekez onartzen zuen etenik. Dos Bocas kafe etxeko tertulian, kasu, berdin jokatzen zuen lagunekin. Sosa adiskideak esaten zion liburuak odolean zeramatzala, eta eskola garaiko lelo ezagunaren kontura burla egiten zion: La letra con sangre entra. “Zure kasuan”, borobiltzen zuen esaldia Sosak, zirikatzaile, “bete-betean asmatu zuten. Lan ona egin zuten apaizek”.

Edonola ere, ziriak ziri, oso pertsona atsegina zen Claudio; eta, libururik tartean ez bazen, atseginez entzuten zituen solaskidearen berriketak, orain kasu eginez orain errespetuz erantzunez. Hori dela eta, garbi zuen ez ziela apaiz zahar haiei heziera ona zor. Eta Sosari esaten zion moduan, bele beltz haiengandik ezer ikasi bazuen, gorrotatzearen artea izan zen.

–Ba nik esango dizut zergatik duten denek kaka bera gustuko –jarraitu zuen Claudiok purrustadarekin–. Denek berdin pentsatu nahi dutelako. Albiste berak irakurri, film berak ikusi, erakusketa berak bisitatu…, eta, noski, liburu berak irakurri. Jendeak beldurra dio benetako askatasunari, eta egunkarien miseriatan babesten dira. Canettik arrazoi zuen, gutxi irakurtzen duena egunkari bihurtzen da pixkanaka.

Irenek onespen keinua egin zion, eta ate ireki berritik sartu zen. Segidan, ohiturari jarraiki, argiak piztu eta begiratu bat eman zion liburu berrien mahaiari, goizeroko errituala errepikatuz. Erosleek bezperan gaizki utzitako liburuak txukun jartzeari lotu zitzaion hurrena. Horretan ari zela, Claudioren marmarra iritsi zitzaion hurbiletik; eta marmarra bera baino lehenago, El Búhoko nagusiak erabiltzen zuen koko ukituko lurrina, inguruan zebilela salatzen baitzuen. Nagusiak lehengo purrustadarekin segitzen zuen. Erostetxe handiak bateko, denda txikiak besteko; gaurko jendeak ez zekiela bereizten zer zen kultura eta zer entretenimendua, dena nahastuta zegoela…, eta abar. Kolpetik, tonua aldatu zuen.

–Atzo Pereirarekin topo egin nuen. Ezetz asmatu non ari den lanean?

Pereira liburu-dendan lanean aritu zen duela hilabete gutxira arte. Garai hobeak ziren ordukoak, eta ohiko bezero saldoak aise ematen zuen nominan bi langile mantentzeko. Hala ere, erostetxe berrien kontuarekin, diru iturriak gutxitu eta, bi langileei ordaintzeko adina irabazten ez zuela ikusita, Claudiok erabaki gogor bat hartu behar izan zuen: bietako bat kanporatzea, hain justu. Dendan denbora gutxiago zeramanez, Pereirari tokatu zitzaion lana uztea. Esan bezala, Claudiorentzat oso erabaki zaila izan zen, eta, kitapenaz gainera, dirutxo bat ere eman zion kaleratutako langileari, beste lan bat topatu arteko gastuei aurre egiteko. Azken batean, kariñoa zion Pereirari.

–Ba…, La Torre Atletico futbol taldearen estadioan dabil, atezain. Zera, sarrerak eta zulatzen.

–Ez zitzaion-eta futbola gustatzen… –Irenek, harriduraz.

–Eta berdin segitzen du, baina lagun batek bilatu dio lana, eta, momentuz, ez dauka besterik. Pena handia eman zidan mutikoak. Gainera, argalduta ikusi nuen.

Claudioren aurpegian erruduntasun izpi bat nagusitu zen. Irenek, berriz, begiratua beheratu zuen, deseroso. Neurri batean, Pereiraren egoeraren arduradun sentitzen zen, zeharka bazen ere. Bera izan zen dendan geratu zena, Pereiraren kaltetan. Horrek, halako erruduntasun zantzu bat zabaltzen zion gorputz osora. Eta, orain, futbol estadio batean zegoen sarrerak zulatzen eta zaleen oihuak jasaten… Irenek gogora ekarri zuen Pereirarekiko harremana. Egia esan, ondo moldatzen ziren. Pereira hura tipo jatorra zen; isilegia, akaso, baina arropa zuzenekoa eta prestua. Distantziak markatu zalea zen, baina hori gehiago zor zitzaion haren diskrezio nahiari hoztasun antzeko bati baino. Irenek kontu egin zuen zein hauskorrak diren harremanak: pertsona bat ondoan duzunean, harremanak betiko direla ematen du, egunero hortxe dauzkazula zain; nahikoa da atzoko hariari tira egitea gaurko hariari bil egiteko. Eta horrela etengabe, beti hari berari bil eginez, ezer gutxi aldatuko balitz bezala. Dena bere lekuan, umore gorabeherak kenduta. Aldiz, norbait joan eta luzaroan ikusten ez baduzu, haria apurtu egiten da, harremana pixkana lausotu, liburu batean irakurritako zerbait balitz bezala, erdi fikzio erdi errealitate. Ezbairik gabe, harremanek giza berotasunaren hauspoa eskatzen zuten etengabe. Guztiarekin, paradoxikoa iruditu zitzaion bere kasua: ez zuen Felixen berotasun fisikoa behar Felixekin uneoro gogoratzeko. Are, haren oroitzapena ez zen berehalakoan hoztuko. Ezin zen eten bien arteko haria. Eta hala ere…

Claudiok Ireneren gogoeta-gurpila eten zuen. Eskuetan albaran bat zeukan, eta Ireneri ematen ari zitzaion.

–Emaiozu begiratu bat, mesedez.

Irenek albarana hartu eta onespen keinua egin zuen buruarekin, apur bat durduzatuta.