T (Tragediaren poza)

T(Tragediaren poza)

Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan, edo dantza ondoan
alberdanian.

J.B. Agirre

© 2008, Juanjo Olasagarre

© Azal eta diseinuarena: 2008, Antton Olariaga

© Argitaraldi honena: 2009, ALBERDANIA, S.L.

Istillaga, 2, behea C. 20304 Irun

Tf.: 943 63 28 14 Fax: 943 63 80 55

alberdania@alberdania.net

Comunicación Interactiva Adimedia, S.L.-ek digitalizatua

www.adimedia.net



Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-028-7

Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-138-3

Mobipocket Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-137-6

Legezko Gordailua: S.S. 1455/08

Mikeli eta gure ama zenari

Eskerrik asko: Iban Zaldua, Angel Erro, Ibon Egaña, Garbiñe Echeverria, Elbira Lizeaga, Ainhoa Makazaga, Osio, Nagore Telleria.

Tragedia: Zentzu figuratiboan “tragedia” hitza edozein gertakari triste eta zoritxarrekori egokitzen zaio, baina, Mendebaldeko Kulturan, antzerki mota bati ere badagokio hitza. Antzerki mota horrek, Aristotelesen arabera, pertsona gora baten gorabeherak, normalean bat-bateko zori aldaketa bat, agerrarazten dizkigu zuhurki eta duintasunez (Wikipediatik, laburtua).

Tyche: Hiri bateko zoriaren eta arrakastaren jainko-jainkosa babeslea zen, haren patua. Aro Heleniarrean hiri bakoitzak zuen bere Tychearen bertsioa. Hainbat genealogia ditu: Hermes eta Afroditaren alaba, Ozeanidetako bat da beste batzuetan, eta beste batzuetan Ozeano eta Tetisen alaba (Wikipediatik, laburtua).

Techne: Artea; Ofizioa.

Helburu baten obratzean edo objektu baten ekoizpenean sartzen den printzipio-seriea da, edo metodo arrazionala. Norbaitek berez ez duena da, ikasitako jakituria (Filosofia hiztegia. UZEI).

Terese: Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratutako Santu Izendegian ematen da, gaztelaniazko Teresa izenaren baliokidetzat. Ikus Ataresa, Taresa, Teresa (Euskaltzaindiaren izendegitik).

1

Amak autoa aparkatu duenean, jaitsi eta aitari laguntzen saiatu naiz. Besotik heltzerako “Ez nago elbarri” bota dit ez-ohiko lehortasunez. Eraikin gris-urdin itsusiari so gelditu gara hirurak, zakarkeria oihartzun bat bezala airean dilindan.

–Barkatu.

Isildu egin naiz.

Amak eta biok badakigu aurrera jarraituko duela, horregatik ez gara zebrabidea pasatzen hasi. Atezuan, gorputza tenkatu egin zait arroparen azpitik.

–Goazen –bildu du, ahotsa goxatuz.

Orduan abiatu gara, segizioan. Zebrabidea pasatu dugu. Gorputzak eragin dion balantxa gorabehera, arrasto zuriak zapaltzea ekiditen duela ohartu naiz. Higaturik agertu zait. Zuzen izandakoa sorbaldak makur, zango bat erdi-herren. Amari eutsirik doa, haren gainean zama kargatuz. 55 urte, ordenaren zorroztasunez hesiturik. Eta orain hau.

Eraikinari han-hemenka erortzen zaizkion fatxada puskek gudako zauriak dirudite, porlana agerian. Leiho errenkadek ezin dute sail antolatuaren adakera iradoki, aurrealdeko auto ugari eta pilatuek anabasa dakarte gogora, zientziak behar lukeen zehaztasuna bainoago. Utikan toki hauetatik, halako batean hil zen amona Nikasia, Iruñean, Lekunberrin minbizi luze baten eremu aldia egin ondoren.

Bero sapak hartu gaitu.

Berehala nabaritu dut halako egonezin bat. Txikitatik datorkit, hementxe bertan bi hilabete pasatu nituenetik. Birus ezezagun bat, esan zieten guraso beldurtuei. Eta horretan gelditu zen, ezezagun. Gero, Lekunberrira eraman ninduen amonak, aitaren, eta batez ere, amaren iritziaren kontra. Orduan etxekotu omen nintzen, aurretik txinbilin-txanbalan doakidan aita horren hitzak dira, Lekunberrin. Oraindik ere kilimatu egiten nau goizez atera eta eguerdi arte itzuli behar ezak sortzen zidan askatasun hark, edo amonarekin siesta egin ondoren zabaltzen zitzaizkidan larreak, muxar, kilker, San Pedro lore, kattalin gorri, ehun hanka mundu bat, eta nola hedatzen zen dena airerantz.

–Amona –esaten nion–, handitzen naizenean –artean ere gogoan dut alegrantzia–, animaliak ikasten dituzten horietakoa izango naiz.

–Albaiteroa, Terese –erantzuten zidan amonak.

Eta begira non bukatu dudan, Euskal Filologia ikasi nahi nuelakoz Ingeles Filologia bukatzen. Eta orain Sail Arteko Doktoregoa egiten. Hau ere gurasoek bultzaturik, batez ere amak; aitak esanen du nahi duena, baina ama tenkortu da.

Eskailerak igotzen ikusi ditut. Ama zutik doa, beti bezain panpoxa.

Ezin da minbizia izan. Bigarren aldiz bizitzaren hauskorraz oharturik, atsekabe zaflada batek jo nau.

Eskailerak neka-neka eginik igo ditu aitak. Eta ohetik jaiki baino ez da egin. Biopsiak baiezkoa emanen duela otu zait. Gero errudun sentitu naiz berehala, zoritxarrari hoska ari natzaiolakoan. Ez, ezin da minbizia izan, horrelako egun eder batean zaila baita zelulen errepikapen eroa irudikatzea.

Arbola izan nahi duten sasiei erreparatu diet. Erkin; hostoak zoldazu inguratzen dituzten autoen distiren erasopean errerik.

Amak besotik heldu dio aitari, eskailerak igotzen laguntzeko. Atzean gelditu naiz une batez gurasoen igoera miratzeko. Beti konpondu dira ongi elkarrekin. Eta ni ere bai haiekin, aitarekin amarekin baino hobeki. Ez dakit zergatik. Ala bai, pentsatu dut ogen puntada batekin. Dena dela, askotan ez ditut konprenitzen, dauzkaten ideia politikoak, edo Lekunberrirekiko daukaten harremana, oso gutxi joaten dira, nire heziketari buruz izan dituzten iritziak…

Ezkaratzaren erdian ikuskatu ditut, mostradore baten bila. Korridore luzean barna hartu dugu gero. Tarteka sabaitik zintzilik dauden fluoreszenteen petik iragaterakoan txikitu egiten direla iruditu zait. Ez soilik urruntasunagatik.

Amak atzera so egin du. Korridorearen bukaeran ikusi dudanean, hurbiltzeko keinu bat egin dit. Oso urrun dirudite, minbiziaren lurraldean, eta aitorrarazi behar izan diot nire buruari, ez dut lurralde horretan sartu nahi. Ezkerreko besoak hazkura egin dit. Hazka egin dut kazadora politaren gainetik; Prada, pentsatu dut ukituaren laztan teknologikoa nabaritzean.

Lasterka egin dut. Besarkatu egin beharko nituzke? Horrelakoetan ere ez?

Takoien zarataren oihartzun antzeko bat baino ez da gelditu. Kazadora ukitu dut, berriz ere; gozoa da, eta segurantza ematen dit. Ama mostradorera hurbiltzean, esperatzeko keinua egin digu erizainak. Telefonoa pausatu duenean, amak paperak erakutsi dizkio.

Aita plastikozko aulki gorritan eserarazi ondoren, ondoan eseri zaio ama. Ez dut lekurik eta itxarongela handiaren beste aldera joan behar izan dut. Distantziak ia gezurrezko egiten dituela bururatu zait. Aita txaketa urdinaren idunekoak lisatzen ari da. Esku iharrek gorabehera egiten dute ehun laxkoaren gainean, zainetako urdina txaketaren urdinarekin bat eginez.

Aldeei tiratu die sorbaldak bere tokian jartzeko, faldoien erorketari erreparaturik bi tiradizo egin dizkie. Gizon osasuntsuari dagozkion keinuak.

Poltsa zabaldurik liburuaren bila hasi naizenean, amaren begirako zelatariaz oharturik, soa jaurti diot erronkaz.

Leihotik sartzen den argira aldendu ditu amak begiak.

Zer ari ote da pentsatzen?

Eskutik heldu dio amak aitari. Urdinagoak iruditu zaizkit oraingoan aitaren zainak, ubelak ia.

Liburua atera dut. Antigona. Doktorego ikastarotarako irakurtzen hasi beharra dut. Eta Zazpiak Tebasen eta Euripidesen nahi dudana. Halaxe zioen, behintzat, aurreko egunean jaso nuen eskutitzak. Ez nuen tragediari buruzko ikastaro batean izena eman nahi, erremediorik ez, ordea. Kontrazala irakurri dut: “George Steiner irakaslearentzat gizartean gerta daitezkeen gatazka gehienak ageri dira Sofoklesen klasiko honetan: genero arteko gatazka (Antigona emakumea da, Kreonte gizona); gazte eta zaharren artekoa (Antigona gaztea da, Kreonte zaharra); banakakoaren (Antigonaren) eta Estatuaren (eta Kreonte haren ordezkariaren) artekoa; eta, azkenik, hildakoen eta bizien artekoa (Antigonak hildakoen ahotsei jarraitzen die, Kreontek, aldiz, laburtzen digu Steinerrek, bizidunei). Esku artean duzun hauxe da Literatura Unibertsalaren gailurretako bat, orain euskaraz…”.

Ondoko aulkian utzi dut liburua, nagiak harturik. Letra inprimaturik gabe egoten ikasi beharko nukeela pentsatu dut, nire burua amak so egiten duen argitarantz behartuz.

Itxarongelan sartzen den jendea desagertu egiten da une batez argiak janda. Errainua baino ez da gelditzen, eta une zintzilikatu bat. Izkinako mahaiko aldizkarietara jo dut. El Semanal, El País Semanal, Hola, Semana. Beharbada arinkeria hauetan datza bizitza, eta ez, uste bezala, gauza transzendentaletan, hala nola, jainkoa, iraultza eta abarretan, aurreko egunean ez dakit nori irakurri nion bezala.

Aldizkari ezezagun bati erreparatu eta hartu egin dut. Ireki ahala Rei Kawakubo, Comme des Garçonseko diseinugileari egindako elkarrizketaren esaldi batek eman dit arreta: “Emakumeok gehiegitan izan gara Alzestis; nahikoa da; gudarako itxura proposatzen dugu Comme des Garçonsetik, Antigonak, biziko balitz, eramanen zuen itxura, barrunbe samurra eta goxoa, azal zurruna eta gogorra. Horregatik dira gorputza inguratzen duten ehunak tul eta belusezkoak, eta kanpokoak larru eta txarolezko korazak. Emakumeak sufritu du, baina garaile jalgi da atsekabetik, zauriak ageri zaizkio, baina baita poza ere. Azken bolada honetan poesia japoniar klasikoa eta tragedia grekoak baino ez ditut irakurtzen. Kontuz emakumeak, nahikoa da Alzestis izateaz, Antigonaren patua ederra izatea da, beraz ez gaitezen gizonen sare moraletan eror”.

Durduzari bidea emateko-edo, aldizkaria zein den jakitera jo dut portadara. The Balde. Ez nuen ezagutzen. Ezkerreko orrialdean, ingelesez ageri dira hainbat elkarrizketa-zati. Orrialdea ukitu dut. Paper estukatuaren leunak hatz puntetan eragin didan laztanean gozatu naiz une batez. Begiak jaso ditut. Ama aitari hizketan ari zaiola ohartu naiz. Zeharka so egin die goizeko argiak hustutako espazioaren beste aldetik.

Zer esaten ari ote zaio? Beharbada, horretan biltzen da bizitza: jaio, bizimodua egin, ilusioa sortu, alaba bat izan, neroni; arrisku guztietatik, abertzaletasunarenak barne, babesten saiatu dira, eskolarik hoberenetara, Deustche Schulera bidali naute, hoberena eman didate. Eta orain hauxe, oro suntsitzera etorria.

Erizain bat sartu da itxarongelan. Hitzik gabe agindu digu atzetik segitzeko.

–Seguru ni sartzea nahi duzula? Ez da derrigorrezkoa.

Baiezkoa egin dit hitzik gabe. Hirugarren aldia edo izanen da gaur galdetzen diodana.

Haur imintzio bat eskaini diot. Beste egoera bat balitz, imintzioak laztan bat ekarriko lidake, beso bat sorbalda gainera, baina gaur aita erorita dago.

Minaren linboan. Eta babestu beharra dago.

Medikuak eskua luzatu digu, lehendabizi aitari, gero amari. Begiradarekin haren adina irakurri duenean, eskua une batez airean zintzilik izan ondoren, bataren patrika zurian sartu du. Mahaiaren beste aldeko sillan eseri naiz. Gurasoei seinalatu dizkie gelditzen diren beste biak.

–Beno, Ramon Lasa. Kolon biopsia. Duela hamar egun.

Aurrera atzera aritu da orriekin.

–Kolonoskopia egina –marmaratu du bere artean–, biopsia… CEA… altuak, IV fasea… TCa ere egin dizute.

–Beno…

Medikuak begirada aldendu du aitarengandik nigan pausatu arte. Gero indarrez bezala begiak aitarengan ezarri ditu.

–Laugarren solairuko medikuak, hemendik aurrera zurea izanen den medikuak, azalduko dizu zehatzago, baina biopsiak positibo eman du. Beraz, ospitaleratu egin beharko duzu. Berak azalduko dizu protokoloa. Dena dela, lasai, minbizi honek fase honetan nahikoa portzentaje altua du. Sendatzeko portzentaje altua esan nahi dut. Korridore bukaerako mostradorean esanen dizute zer egin behar den.

–Baina sendatuko da? –galdetu du amak.

–Bai… beno… ikusi egin behar da nola erantzuten dion tratamenduari.

Folleto bat eskaini dio aitari. Mekanikoki luzatu du eskua eta han gelditu da folletoa bizirik gabeko izaki bat bezala. Zutitu eta elkarri begira gelditu garenean, medikuari inpazientzia imintzio batek ihes egin dio, fluoreszente argiak buru soilduan distira egiten diola. Halako egoeratan horrelako xehetasunei erreparatzea xelebrea dela otu zait. Galdetu egin nahiko nioke, errieta egin, baina uste dut gurasoei dagokiela hori egitea, amari, batez ere, aitak desegina baitirudi.

Ia estropezuka atera gara lurreko fluoreszentearen islari segika. Medikuak, bultzatu nahian edo, sorbaldan eskua paratu didanean, dardarako hotz baten gisa nabaritu dut. Itzuli eta so egin, nahikoa izan dira besoa bata zuriaren patrikan sartzeko. Gero, gu korridorean utzirik, kontsultako atetik desagertu denean, errefuxiatuak sentitu gara hutsaren erdian, salbazio seinaleren baten bila, alde batera eta bestera buruak. Korridorean fluoreszenteen argiak indarra galtzen duen eremuan, mostradore huts bat ikusi dugu. Amak harantz bultzatu du aita. Arrastaka daramatza hankak zoru distiratsuan zehar. Nola urruntzen diren so gelditu naiz.

Benetan dirudite bi errefuxiatu.

–Hemendik –oihukatu diet.

Galdurik itzuli dira, nire oihua ezagutu izan ez balute bezala. Gidaritza lanak nire oinazea berandutzea lortzen ari dela oharturik, geroko minaren iragarpenak hotzikara eragin dit ehun teknologiadun txaketaren azpian.

Hurbildu egin zaizkit.

–Beste aldera –esan diet korridorearen bukaera iluna seinalatuz.

Usaina aditu dut, korridorean asaldatu dituen gaixotasunaren mila usainen artetik bat, ezezaguna. Usna egin dut aitarengana. Aitarena da, bai. Ondorengoa pentsatzera ausartuko banintz atsekabearen kirastzat joko nukeela-eta atzera egin dit gogoak usainean trabaturik. Ez dakit nola, baina eskuetan sortu zait aitari eman dioten folletoa. Zer da minbizia? Hogei arrazoi minbiziari aurre egiteko. Letra gorritan.

Estropezuka bildu gara mostradorearen aurrean. Kristalaren beste aldeko argi apalak norbaiten arrastoa dela iritzirik, zain egon gara, harik eta inor ez dagoela oharturik, geuron buruak tokiz kanpo erabaki ditugun arte. Aitak sorbaldak jaso ditu imintzio ezaxola etsipenezkoa bilakatuz, erdi-bideko parizta inor gabeko lurraldean.

Amak kax-kax egin du mostradore gainean. Hobendun dirudi. Hobendun gertatzen ari denagatik. Aitaren minbizia-eta. Ez dakit zergatik, ordea, ez zait ideia eroa iruditu, badu zentzua.

Suspirio egin du. Aita xor dago kristalaren beste aldeko argiak iragazitako ilunpetan erdi ezkutaturik. Zer edo zer esan beharko nioke, baina ez dakit zer. Duela bi aste bertan, elkarrekin barrez aritu ginen, afaltzen, Ibon ere han zen; eta begira orain, ez dakigu zein hitz ahoskatu. Badakigulako, esaten duguna esanda, gezurra esanen dutela hitzek.

Horregatik iruditu zait desegoki aritu dela ama.

–Ez dago eskubiderik.

Espantu gehiegi; bera errudun ez dela nabarmendu nahiko balu bezala.

“Eta igual errudun da”, pentsatu dut, eta berehala damutu naiz.

Gero ikaratu egin naiz. Horrelako gauzak ez zitzaizkidan bururatzen lehenago.

Argi-itzal hauetan abandonatu gaituzte. Amak kax-kax jo du berriz ere.

Ez dakit zergatik baina gaizki bukatuko dela susmatu dut. Usaina agian. Halako batean erizain bat atera da kristal atzetik.

Amak paperak bota dizkio erneguz.

Erizainak hartu egin ditu, erneguz.

–Nor da gaixoa? –galdetu du–. Etorri nirekin.

Hirurek egin dugu.

–Ez, bi baino ez.

Amak aita bultzatu du atzetik.

–Esperazazu hemen.

Mostradore atzetik desagertzen ikusi ditut. Bi itzal. Folletoari so egin diot. Ireki egin dut: Zer da minbizia? “Demokritok zioen –irakurri dut harriturik– unibertsoan den oro dela zoriaren eta beharrizanaren ondorio. Bizitzak beti bilatzen du beste bizi bat, atomo batek bere burua errepikatzera jotzen du…”.

Dover Beach

Itsasoa bare dago gaur gauean

marea gora, ilargia eder

itsasarte gainean; Frantziako aldean argiak

dir-dirka desagertu egin dira; Ingalaterrako itsaslabarrak

zutik daude, errainu eta zabal, badia lasaian.

Zatoz leihora, hau haize gozoa gau honetakoa!

Itsasoak ilargiak zoharditutako lurrarekin

topo egiten duen bits lerrotik

entzun! Horra harribilen orro karraskaria.

Olatuek mugitzen dituzte aurrera,

atzera, itzuleran, goiko adarrera jaurtiz,

hasi eta bukatu, eta berriz ere hasi

segida dardaratian gutxitu egiten da,

tristuraren nota eternoa ekarriz.



Sofoklesek aspaldi

entzun zuen Egeoan, eta giza miseriaren

gorabeherak ekarri zizkion gogora;

pentsamenduaren doinuan ere

aurkitzen dugu iparreko itsaso

urrunetik adituz.

Fedearen Itsasoa ere

lurraren ertz borobila inguratuz, bete-betean zen, noizbait,

hor datza diadema dirdiratsu bildua bezala.

Baina orain soilik entzun dezaket

bere orro malenkoniatsu luzea

atzerantz eginez gau haizetarantz, hegi monotono zabaletarantz

eta munduaren harri biluzietarantz.



Oi maite, izan gaitezen benetako

elkarrekiko! Amets lurralde baten modura datzan

gure munduak

horren ugaria, horren ederra, horren berria,

ez du ez bozkariorik, ez maitasunik, ez argirik,

ez ziurtasunik, ez bakerik, ez laguntzarik oinazearentzat;

Eta hemen gaude lautada laiotzean legez

alarma eta haize eraso nahasiz inguraturik,

gauez armada ezjakinek talka egiten duten bitartean.

Mathew Arnold

2

Aita joateko tenkor jarri izanak etorrarazi nau, baina ez nago lasai. Irakaslearen espera, Donostiako erietxean daukat gogoa: aitari eman dizkioten bi kimioterapia saioetan. Ondoan daraman dorretxoan itxura errugabeko poltsa bat zintzilikatu diote, eta tantaka erortzen da likidoa, gero zainetan barna hedatzeko. Gero, behin tumorea txikitzen denean, ebakuntza egiten saiatuko omen dira.

Aitaren erkintzea ikusirik, medikuari galdetu nion normala ote zen. Baietz. Sartzen diogunak zelula gaiztoak akabatzen ditu, baina baita aurrean harrapatzen duen guztia desegin ere, erantzun zidan irribarre ergela aurpegian. Aitaren ezaguna da medikua, kristau fededuna, esan zidan, hortik, beharbada, irribarrea, beste munduko esperantzaren zelaia.

Eta hala ere, etor nadin tematu da aita ia Euskal Filologia egin beharrean Ingeles Filologia egin nezan bezainbat. Orduko hartan, milaka argudio erabili zituen, dela ingelesaren garrantzia azpimarratzea, dela euskararen ihartasuna eta etorkizun zalantzazkoa, dela ingelesekoan ikaskideak askoz interesgarriagoak izanen zirelakoa; amore eman nuen azkenean, benetako arrazoiak beste batzuk zirela susmaturik. Ez dakit, baina uko bridatu bat eta neroni zerbaitetik babesteko beharra nabaritu nizkion aitaren arrazoiei, hizkuntzen garrantzi eta mundutasunari buruzko argudio haietan ezkutaturik.

Gero, haiek bezain arrazoi irmoez, doktorego ikastaroak egiteko konbentzitu ninduen. Horrela bukatu dut hemen, Miren Agur Mendietaren zain, Greziar Tragediari buruz askorik ikasteko interes eta esperantzarik gabe. Kredituak betetzeko hartu ditudan gainerako ikastaroetatik ateratzen ditut kontuak, ingelesezkoetan bereziki: lehenengoa, John Donne revisited, irakasleak ez daki ezer John Donneri buruz; bigarrena, The Western Novel, leku komunez beterik dago; hirugarrena, The global and the local, Teories on Postmodernism, globali buruz baino ez da mintzatzen irakaslea, eta localek ezin dutela biktimismoan erori esatera mugatzen da.

Ez, egia esateko EHUren maila ez da beste mundukoa, eufemismo bat erabiltzearren.

Gainera, irakasleek kristoren kopeta dute. Bada ordu erdi Miren Agur Mendietaren zain gaudela. Eta arrastorik ere ez. Ikaskideetarik ez dut bakarra ere ezagutzen. Ikasketa Klasikoetakoak izanen dira, edo Filologia Hispanikoetako euskaldunen bat, edo Frantsesekoren bat, aitari amore eman beharko nioke norbait Euskal Filologiakoa izateko aukera urriak direla aitortzerakoan.

Jakaren idunekoak lisatu ditut. Amaren dendatik hartu nuen, beherapenak pasatu ondoren, inork erosi ez zuela probestuta. Jakaren ebakera azpimarratzeko zati ezberdinak ehun desberdinez eginak daude, zetaren leuntasunetik zakuaren laztasuneraino, halako efektu nabarra lortzen duela. Seguritatea ematen dit ausardiaren eta herabetasunaren arteko orekak, aldi berean baita diskretua eta deigarria. Ehuneko ehun, Comme des Garçons.

Halako batean urrats batzuk entzun ondoren, aire baten antzeko zer edo zer sartu da. Emakumea beharko luke. Baina gizona da. Ergela iruditu zait konstatazioa.

Aitaren adina izanen du. Zertxobait gazteagoa agian.

–Aber zer daukagun hemen…

Irakaslearen mahaiaren atzean paratu da, larruzko maletina mahai gainean utzi bitartean. Aitak bezala bizarra du bisajean; hark ez bezala, ordea, jantziak zarpail ditu, adin bertsuak erantsitako antza dute darien usain sarkorragatik, beharbada. Goitik begiratzean, kuzkurtu egin naiz pixka bat. Aitaz akordatu naiz, horrelakoetan ez dudala zertan kuzkurtu gaztigatzen didanean. Harro egon behar dudala, ni Teresa Lasa naizela, norbait mundu honetan; zurruntasun osoarekin esaten dit.

Paper bat atera dut.

–Beno, ni, jakinen duzuen bezala, Andres Barrutia naiz.

Goitik egin digu erronka. Gero hatsa bahitu zaio. Nekez hartzen du arnasa, hainbeste izutu egin naiz. Burua altxatu dut paper gainetik. Bularrak gora eta behera egiten dio, eta halako batean barre-karkaila ozen batek ihes egin dio barrunbetatik.

–Ezagutzen nauzue, ez?

Denak isil-isilik gara, bakoitza bere baitara bilduarena eginez. Nik ere folio zurian iltzaturik ditut begiak, zeharka larruzko zapata beltz higatuak ikusten dizkiodala. Barrutiaren arnasa baino ez da entzuten gelan. Badakit Ermuko Foroko prentsaurrekoetan agertzen dela Savaterrekin batera, badakit Lekunberrikoa dela, badakit han ez dela aspaldi agertzen, eta badakit gorrotoa eragiten duela bertan, Iboni entzutea besterik ez dago.

Barrutiak oinekin noizean behin zirriborratzen dituen marrazki imaginarioei erreparatzen aritu natzaie. Batean, siga-saga egiten duen figura bat, animalia baten antzeko zer edo zer bestean. Aitaz akordatu naiz, oinekin antzeko marrazkiak egiten aritzen delako, erietxean sartuta dagoenetik batez ere. Munduan ordena ezartzen.

–Ezagutu egiten nauzue, bai –Barrutiak–. Beste modu batez esanda, ikastaro hau neronek emanen dut eta ez Miren Agur Mendietak. Gaixo baimenarekin dago, eta luzerako joko duenez, neroni arduratuko naiz.

Folio zuriaren babesa bilatu dut, gainerako ikasleek bezala. Erraldoia iruditu zait Barrutia.

–Ongi; tragediaz hitz egin behar dugu. Eta tarteka abertzalekeriaz, ez badirudi ere, tragediarekin zer ikusteko asko dauka eta. Hirugarren mailako tragedia, hori bai, hala nola gure terrorismoa, edo zuena hobeki esanda, hirugarren mailako terrorismoa baita. Dena dela, eta horrelakoetara itzultzeko denbora izanen dugunez, jakin nahi nuke zergatik apuntatu zareten ikastaro honetan eta ez beste batean.

Areago sartu dut burua folio zurian. Ezkerreko ikaslea –berrogei urtetik gora izanen ditu– marmar aditu dut. Gelako atearen beheko zirrikituari erreparatu diot, paperaren babesa nahikoa ez eta. Norbait paseatzen ari da ate ondoan, fluoreszenteen lurreko distiretako itzalen bitartez antzeman dut. Eta korridoretik harantz karrikak eta gero errepideak eta azkenean Donostia, aita; egon behar nukeen lekua.

–Aber zu…

Niregana egin du. Dardara egin dut.

–Nola duzu izena?

Ahotsak ostotsa dirudi.

–Teresa Lasa… Terese Lasa.

–Eta zein sailetatik zatoz?

–Ingelesekotik.

–Hara! Ba Euskal Filologia Mintegiko aurpegia duzu.

Zeharka ikusten dut nola ari zaion klase guztiari deman, begirada buru makurtuen gainetik hegan, errituak besteak beheratzea eskatuko bailuen.

Telebistan ikusi dudan aldi bakanetan bezala ageri zait orain, kamerei nola ikasleei erronka eginez, Euskal Herriari haren egoera aurpegiratuz kokotsa pixka bat jasorik.

–Ingeles Filologia munduko Euskal Filologia da; batzuek dioten moduan, hala-moduzkoen aterpea. Izan ere, mundua hala-moduzkoez beterik dago. Edo beste modu batera esateko, zu zerorri Terese, ala Teresa zara?, zuk uste izanen duzu ingelesa ikasi duzulako zerbait zarela, baina horrek munduko edozeinen pareko baino ez zaitu egiten. Benetan bereziak, Ikasketa Klasikoak dira, ahitutako mundu baten azterketa, ahituagatik interesanteago. Hori edo ez ikasi. Jakintza mediokreen babestokia da, Nietzschek ongi asko esan zuen bezala.

Ironia arrasto bat nabaritu diot azken esaldian, eta burua altxatzera ausartu naiz. Hortxe dago besoak zabalik, txaketa maiztua soinean, begirada zemai, irri printza bat zintzilik.

Ibonek gorrotatu eginen luke. Aita nahiko nuke aurrean, babesteko. Aitak gaztigatuko lidake nire burua defenditzen ikasi behar dudala, eta aurre eginen lioke, ordenatuki, zuhur, gizalegez, Barrutiaren debaldeko erasoari. Izerditan hasi naiz, eta, horrelakoetan, nazka ematen dit nire gorputzak. Bat-batean adore oldar batek hartu nau.

–Bai –bota dut ahots sendoagoz.

–Eta nongoa dugu Terese?

–Gipuzkoarra.

–Euskalduntasunaren eredua betetzera etorritako bat. Ederki. Zergatik apuntatu zara ikastaro honetan, Terese?

Niregatik balitz, bizkarrak jaso baino ez nukeen eginen, baina susmoa dut, aitaz akordatu naiz susmoa izatean, erantzunen bat eman beharra dudala, begi harro horiei hesi bat paratu, nolabait. Harroak dira benetan, pentsatu dut; ongi begiraturik, izu antzeko bat nabari zaie sakonean.

–Bai –erantzun dut urduriaren urduriz.

–Bai?! –Barrutiak.

–Bai.

–Hara orduan absurduarekin jolastuko gara.

–Absurduarekin? –nik.

–Absurduarekin? –Barrutiak.

–Absurdua zerorri zara! –bota du bat-batean nire ezkerretara dagoen adineko ikasleak.

–Hara zer dugun hemen… oldarkor bat…

–Ni behitzat ez nago hau jasateko prest. Ni Miren Agurren eskoletara etorri naiz, ez zu bezalako batengana. Iraindu egiten gaituzu, gainera.

–Miren Agur gaixo dago. Ez daukazu aukerarik, edo ni edo bazoazke.

Jauzi batez atera hurbildurik, zabaldu eta kilimusi bat eginez makurturik gelditu da Barrutia. Ikasleak, beste ikasleen laguntza jasotzeko-edo, so egin digu. Folio zurietan babesturik segitzen dugu.

–Esaiezu idazkaritzakoei ez zaudela konforme eta alda zaitzatela.

–Horixe eginen dudala –esanez klasetik atera da ikaslea, aire zurrunbilo bat utziz.

Ateaz beste aldeko itzalaren errainua antzeman dut.

–Absurdua antitragikoa da –erabaki du Barrutiak–, tragedian zentzu bat dago, nahiz eta, jainkoen zentzua izanik, gizakiak zentzu hori ez ulertu, baina absurduan ez dago zentzurik. Horregatik da antitragikoa. Absurdua komediarekin lotuago da, Beckettena barne, Eagletonek esanak esan. Zentzu eza hori tragikotzat joko bagenu, komedia bera ere tragikotzat jo beharko genuke. Baina badakit, oraintxe bertan, hau guztia ez duzuela ulertzen…

–Beraz, Terese, zer gehi dezakezu?

–Bai?

Begiak altxatu eta so egin diot. Ez dakit zer nahi duen. Eguzki errainu batek Barrutiaren zapatak argitu ditu. Hautsez estalirik daude. Segituko ote duen beldur naiz. Mahai gainean dudan boligrafoa hartu dut. Zerbait marrazten saiatu naiz, baina ez zait ezer atera. Berriz ere burua jaso dut, lehentsuagoko adoreak bultzaturik. Diz-diz agertu zait Barrutia, une batez zalantzan, bere irakasle antzezlanean galdurik bezala. Ez dakit zer, baina irabazi dudala susmatu dut, edo arriskua niregandik aldendu, behintzat.

–Eta zu ere “euskaldun fededun” eredua betetzera etorri zara, Iñaki? –galdetu dio ezkerretara dagoen mutilari.

–Bai, baina ni arabarra naiz.

–Eta orduan.

–Beste modu batera beteko dut eredua.

–Beno –irribarre egin du Barrutiak. Nabaria da ezagunak direla–. Euskal Herria deritzozuen hori Gipuzkoa bilakaturik dago, aspaldi. Eta alde egin duen horrek? Zer eredu betetzera etorriko zen?

Etenari eutsi dio besoak zabaldurik.

–Beno hurrengo egunean galdetuko diogu.

»Bada tragikotasunik? Eta baldin bada zertan datza? Hainbat filosofok, nagusiki alemaniarrek, ematen dioten garrantzia du tragediak? Garraia daiteke tragikotasuna estetikatik bizitzara? Ala bizitza ez da inoiz tragikoa? Garai tragikoetan bizi gara? Zuen Euskal Gatazka madarikatu hori tragedia izendatzeak ez du edertu egiten?

»Horrelako galderekin arituko gara ikastaro honetan. Dena dela, lehendabizi, eta zuen maila ezagutzen ez badut ere, inoiz tragediarik irakurri gabeak zaretela erabakirik, edozein entziklopediatan agertutako topikoak aipatuz hasiko natzaizue.

»Antropologoek –sasi-jakintsu horiek– esaten dutenez, tragediaren iturburua uzta eta ehiza ona lortzeko egiten ziren erritualetan egon daiteke. Erritual horietan, dantza eta kantua sartu zituzten noizbait. Eta hortik sortuko zen ditiranboa, Dionisio jainkoari gorazarre egiten zion kanta-dantza. Eta hemen Aristotelesi jarraitzen ari gatzaizkio, antropolo ergel horiek guztiak bazter eginik.

»Ditiranboa koroak kantatzen zuen. Ondoriozta daiteke denborarekin korifeoa korotik bereziko zela, pertsonaia bilakatuz, gaur egun ezagutzen dugun arte dramatikoa bihurtzeraino. Prologoan, koroa sartu aurretik kontatuko zaigunaren aurrekariak eta garaiari buruzko datuak ematen zaizkigu; parodoan, koroak kantu egiten du; episodioetan, koroaren eta pertsonaien arteko elkarrizketak agertuko zaizkigu, ekintzari buruzkoak, alegia. Episodioen artean, estasimoak dauzkagu, koroak ekintzak komentatzeko egiten dituen sarrerak; eta bukatzeko, exodoa, non ekintzak eta bukaera argitzen zaizkigun koroa eta pertsonaien bidez.

»Edo beste modu batera esateko, ez pentsa tragediak gaur egun antzerkiari ematen diogun garrantzi eskasa zuenik. Ez. J.P. Vernant eta Vidal-Naquet ikertzaile handiek zehazten duten bezala tragediak, polisaren erritu kolektiboa ziren. Erritu kolektibo sakratua, gehituko nuke nik. Beno, bi adituoi jarraituz, tragedia sortzen da “giza jarduera buruaskia izateko erabat autonomoa ez dela, gogoeta eta eztabaida helburu bilakatzean”. Grezia atikoaren une horretantxe sortzen da tragedia. Eagletonek dioen bezala esateko: “Sortzen da mitoaren eta politikaren arteko eremu lanbrotsu horretan, zibikotasuna eta oraindik indarrean zegoen numinotasun zentzuaren arteko eremuan”; edo Barrutia handiak…

Ahotsaren etenari erreparaturik burua altxatzean gainerakoak folioetan dute arreta eta Barrutia klase erdian ageri da, eszenatokiaren jabe beste aktoreren baten sarreraren zain-edo.

–Barrutia handiaren hitzetan –jarraitu du–, tyche eta technearen artean. Edo beste modu batera esateko, gure bizitzaren zein alde daude tychearen menera, deitu fortuna, zoria, deitu patu, denak ez dira berdin, baina guk sinonimotzat joko ditugu, eta zein gure menera, edo, nahi baduzue, gure eskura, techne. Gure bizitza tychez gabetuko bagenu, gure esku geldituko litzateke dena? Egin daiteke? Edo beste modu batera esanda, beza daiteke tychea technez? Nik badaukat erantzuna, baina jakina ez dizuet esanen.

»Eta bidez batez, gure kultura honek, edo, hobeki esanda, zuen kultura horrek, kultura izaten jarraitzen baldin badu, nire zalantzak ditut, sekula santan sortuko ez lukeen arte mota da tragedia, nahiz eta Atxagak, ikusiko dugun bezala, euskal gatazka deituriko horrekin, batzuetan matraka, beste batzuetan epika eskasa, eta besteetan komedia krudela, tragedia bat egin. Hortik bere handitasuna…

Eten teatral baten ondoren bekaina belztekoa egin digunean jolasean ari dela iruditu zait.

–Erlatiboa, beti ere –jarraitu du Barrutiak eskuak mugituz–, ez gaitezen gehiegikerian eror.

»Honaino, zehazturik edukiko genuke zer den tragedia genero gisa. Historian zehar luzatu dela aipatzea baino ez litzaiguke faltako. Edo beste modu batera esateko, batzuen arabera, Grezian bertan hil zen tragedia. Beste batzuek gaur arteraino ekartzen dute generoz zein artez aldaturik: Erroma garaian, Seneka; XVI. mendeko Ingalaterra elisabetiarrean, Shakespeare eta Marlowe, besteak beste; Espainiako Barrokoan, Calderón; XVIII. mendeko Frantzian, Racine eta Corneille; Erromantizismo alemaniarrean, Hölderlin eta Schelling; gaur egun, antzerkian, Anouilh, Lorca, Tennessee Williams, edo narratiban, Thomas Mann, Malcolm Lowry, Hemingway, Txekhoven hainbat ipuin. Zinemaz eta operaz ez hitz egiteagatik. Esan bezala, batzuendako, Grezia klasikoan ahitzen da tragediaren loraldia; beste batzuendako, gaur arte luzatzen da, nobela eta zinemaraino hedaturik, eta niri interesatzen zaidana, bizitza bat egiteko balio baitu, filosofiaraino luzatzen da: Hegel, Nietzsche, Heidegger, Kierkegaard.

»Hor sortzen da tragedia, baina zer da tragediak islatzen duen tragikotasuna? Edo beste modu batera esanda, badago aipatu ditugun lan horietan guztietan ezaugarri komunik?

»Vernant eta Vidal-Naquetek diote greziar tragedian gatazka artean indarrean dauden lege zahar eta lege berrien artean lehertzen dela; ildo horretatik, Ismail Kadarek aipatzen du gatazka lehertzen dela hilketak kobratzeko bi lege kontrajarrien artean: bata zaharra, hiltzailearen leinuko odolarekin pagatuko da hilketa; bestea, berria, polisaren legearekin pagatuko da erailtzea…

»Beno ordua da. Joan aurretik azalduko dizuet nota paratzeko irizpideak eta bibliografia. Bat –bota du erakuslea jasoz–: nahitaezkoa izanen da eskoletara etortzea. Bi: klaseetan parte hartu beharko da. Hiru: ikasleak irakasleak agindutako hiru tragiko handien lan bana irakurri beharko du, eta horietako baten ahozko aurkezpena, kritika eta komentarioa egin beharko du. Gutxienez berrogei minutu. Lau:… Beno hurrengo egunean bukatuko dut irizpideekin. Zuetako batzuei oraintxe aginduko dizkizuet tragediak. Gainerakoak… aste honetan nire bulegotik pasatu edo datorren astean bertan hementxe… Joan aurretik, hartu bibliografia.

Fotokopia pila seinalatu digu.

Barrutia hurbildu egin zait.

–Apuntatu: Eskiloren Zazpiak Tebasen, Sofoklesen Antigona eta Euripidesen…

Barrutia bere baitara bildu da zalantzan bezala.

–Euripidesen… Euripidesen… Ifigenia Aulizen… Ez, Emakume Troiarrak… Ez, Alzestis… Beno pasatu aste honetan nire bulegotik eta zehaztuko dizkizut.

Itzuli eta bizkarra makurturik, boligrafoa eskuan utzi nau. Paperak hautsi-apur maletinean sartu eta atetik harantz desagertu da, oraindik begiak apunteetan ditudala. Atea irekitzean, errainua handikote kaskamotz bat dela ikusi dut. Ikasleren bat, pentsatu dut, nahiz eta berehala erabaki ez duela itxurarik. Handiegia, zabalegiak bizkarrak, ikasle utzikeriarik gabeko itxura zainduegia. Barrutia atera denean ikusi diot aurpegia gizonkoteari: desitxuraturik dauka, orbainez beterik, ubelduta alde batean, begiak, iruditu zait, bata bestea baino gorago. Izu-ikara eragin dit. Korridorean barna desagertu diren arte egon naiz kuzkurturik.

Folio bat hartu dut gero: Bibliografia.

Zerrendak ia orria bete arte segitzen du. Burua altxatu dut. Ia azkena naiz.

–Hau tipoa! –esan dio ikaskide batek beste bati.

–Bai, faxista bat. Bi liburutatik kopiatzen omen du dena, gainera.

–Bai, nik ere entzuna daukat. Nietzscheren hau –seinalatu du emandako orrietan– eta Eagletonen beste hau.

Korridore ilunean barna abiatu naiz, iluna da, ate berde-beltzen errenkadak erritmo monotonoa markatzen duelarik, urruti, oso urruti ageri da eskailera-burua, esperantza txiki bat bezala.

–Terese Lasa, euskal alaba –entzun dut eskailera-burura ailegatzean.

Urratsak arindu ditut arrazoirik gabe, eta aitak alde eginen lukeela bururatu zait.

–Terese!

Barrutia da, gizonkote kaskamotzak itzala egiten diola atzetik.

Hats bahitua du, animalia batena bezala.

–Hartuko dugu zer edo zer.

Agindua da, ez proposamena. Alde hemendik, pentsatu dut nire artean.

–Hemengo kafetegian ala kanpoan?

–Alde egin beharra daukat –bota diot hotz.

–Ez, zerbait hartuko dugu.

–Geratua nago –gezur esan dut.

–Esperatuko dizute. Uste dut, hala ere, ez naizela zurekin okertu.

Aita ezezkoan tenkortuko litzatekeela pentsatu dut.

–Barrutiak ez du edonor gonbidatzen kafe hartzera –ebatzi du.

Kaskamotzarengana itzuli da Barrutia.

–Ezta?

Erantzuna esperatu gabe, besotik heldu nau eta korridorean barna hasi gara.

–Hemengo kafetegian hartuko dugu. Ni ere geratua nago. Zu, beraz, nongoa zarela esan didazu?

–Donostiarra.

Eskaileretan behera egin dugu.